top of page

Nor gara?

Orendain eta Tolosaldeako guraso talde bat gara. Gure seme-alabei beste hezkuntza eredu batean hezteko aukera eman nahi diegu.
Historia
Duela urte eta erdi elkartu ginen Orendaingo gurasoak herriko haurrei herrian bertan ikasten jarraitzeko zein aukera izan genitzakeen aztertzeko asmoz. Hainbat aukeren artean baso eskolarena aurkeztu zitzaigun. Bat-batean txunditu gintuen baso eskola ekimenak. Gure herri, inguru eta nortasunarekin bat egiten duen proiektua zela ohartu bait ginen. Gure altxorrik preziatuenak diren seme-alabentzat merezi duten oparia. 
 
Ordu ezkeroztik lanari ekin eta datorren kurtsoan eskola martxan jartzeko asmoari, gogoz, ilusioz eta arduraz eutsi diogu. Alor pedagogikoan, baso eskola eredua ezagutzen ibili gara. Baso eskola ereduan formatutako irakasleak topatu ditugu. HUHEZIrekin (Eskoriatzako irakasle eskola) elkarlanean ari gara eredu pedagogiko hau Euskal Herriko errealitatearekin uztartu eta unibertsitateko adituen begiradapean osatuko den plangintza serio bat izan dadin. Kutxako Ekogunearekin ere etengabeko harremanetan aritu gara. Elkarlanean eskola eredu honi auspoa eman asmoz.
 
Orain arte egin dugun ibilbidea erabat aberasgarria izan da. Bai talde bezala baita maila pertsonalean ere. Asko irakatsi digun eta asko aberastu gaituen proiektua izan da. Gurekin bat egin nahi?
Zergatik beste eredu bat?
Neurri handi batean orain guraso garenok, guk txikitan jasotako hezkuntza eredu berarekin topo egiten dugulako, gure haurrak ohiko ikastetxetan sartzen ditugunean. Denborak aurrera egin ez balu bezala. 
 
Teknologia berriak puri-purian dauden honetan, umeak naturatik aparte hezten ari garelako. Naturarekin inongo harremanik gabe. Haurraren heziketan natura eta inguruarekin harreman etengabea izatea oinarrizkoa iruditzen zaigu eta baso eskola aukera paregabea da horretarako. 
 
Gela barruan itxita eta beraien lekuan geldi egon beharrean, gure seme-alabak aire librean aske izan daitezen nahi dugulako. Ume izaten utzi nahi diegulako. 
 
Jolas librea Haur Hezkuntzan dagoen ikasketa biderik egokiena dela sinisten dugulako. Gure seme-alaben barne erritmo, motibazio, interes eta beharrak errespetuz garatzeko bide naturala hau dela argi daukagulako.
 
Edukietan oinarritutako hezkuntza ez baino barne garapen eta giza balioetan oinarritutako hezkuntza baten aldeko apustua egin nahi dugulako. 3-6 urte bitartean hizkiak eta zenbakiak ikastea baino ez al da hau askoz ere garrantzitsuagoa?
Aurrera begira
Batetik, gure eskola eredu hau inguruko gurasoei zabaldu nahi dizuegu. Zuek ere proiektu honen parte izatea nahi dugu. Gure haurrak heziko ditugun balore eta eredu pedagogikoen inguruko gurasoentzako formakuntza ere prestatzen ari gara.
 
Bestetik, beste erakunderen batek kontzertazioan laguntzea nahi dugu. Urtero ikastetxea zabalik izateak dakartzan gastuetan laguntzea. Aintzindaria izango den eredu honen bultzatzaile izango den erakunde baten bila gabiltza, erakunde horri aldi berean aintzindari izateko aukera eskainiz.
 
Datorren kurtsoan baso-eskola irekitzeko lanean ari gara. Egin bat gurekin!
 
bottom of page