top of page

Nolakoa izango da gure baso eskola?

Nondik dator eredu hau?
Nolakoa izango da gure baso eskola?

Baso eskola Europa erdi- iparraldeko herrialdeetan urtetan martxan dagoen eredu bat da. Hainbat herrialdeetan hezkuntza publikoan txertatuta dagoena.

 

Eskozia, Alemania, Noruega, Suezia eta Dinamarkan aurki daitezke adibiderik onenak esaterako. Espainian 2015eko irailean ireki zen lehen bosque escuela. Madrilen dago, Cercedan. Bertan izan ginen ate irekiera jardunaldia antolatu zutenean. 

 

Alemanian, 1000 aire libreko eskolatik gora daude esaterako,  Dinamarkan 250 inguru eta Suezian 220. Normalean eskola kontzertatuak izanagatik eskola publikoaren parte ere badira.

 

Waldkindergarten izenez ezagutzen dira. Orendainen bezala 3-6 urte arteko umeei zuzenduak daude. Alemanian, lehenengo aire libreko eskola 1968an sortu zen Wiesbadenen eta lehen aldiz 1993an kontzertatu zen baso eskola bat. 

 

Metodologia gaur egun oso ondo garatuta dago, baita legedia ere herrialde hauetan. Han garatutako eredu hauxe da Orendainera ekarriko duguna. Egindako ikerketek kalitatezko hezkuntza dela bermatzen dute gainera. Adin tarte honetarako (3-6 urte) izan daitekeen eredurik egokiena.

Egun bat baso eskolan

7:30-8:30 > Zaintza.

 

8:30- 9:00 > Sarrera eta joko librea.

 

9:00- 9:30 > Ongi etorria eta basora juteko prestaketa.

 

9:30-10:15 > Ibilbidea eta hamaiketakoa.

 

10:15- 11:45 > Joko librea basoan.

 

11:45-12:15 > Elkargunera buelta.

 

12:15-12:30 > Basoko arropa kendu eta bazkaltzeko prestatu.

 

12:30-14:45 > Bazkaria eta atseden garaia.

 

14:45-16:15 > Joko librea gelan, tailerrak, hurbileko basoan , baserrian, baratzean.

 

 

Orendaingo Baso Eskola egunero naturarekin harreman zuzena izango duen eskola izango da, haurra erdigunean kokatzen duena eta jolas libreari garrantzia emango diona.

 

Haur eta helduak elkartzeko gune bat egongo da baina egunero hortik abiatu eta basoa izango da ikasi, esperimentatu, norberaren gaitasun eta mugen kontzientzia hartu eta elkar ezagutzeko espazioa. Gure gela basoa da.

 

Batetik naturarekin kontaktua garrantzitsua dela uste dugu, haurraren garapen sensorial, motore, kognitibo zein psikologikorako. Ikerketa ezberdinek egunero kalean egotea osasunerako onuragarria dela ziurtatzen dute. Bestetik,  naturarekin harremana izateak ekintza, ikerketa eta esperimentatzeko aukerak biderkatzen dituela badakigu. Baita espazio handi eta zabal batean egotean haurrek nahi eta behar duten ekintzak burutu eta kontzentrazio eta ongizatea erraztasun gehiagorekin lor dezaketela ere. Modu honetan gainera gatazkak modu esanguratsuan murrizten dira.

 

Naturari garrantzia eman eta haurra  erdigunean kokatuko dugu. Gaitasunez betetako haurrarengan sinesten bait  dugu. Haurra bere ikaskuntza- irakaskuntza prozesuko protagonista izan eta  ziurtasun afektiboa eskainiko diogu orduan bere bidea egiteko  eta erabakiak hartzeko gai izango bait da. Gaitasunak bere erritmoan garatzeko beharrezko baliabide material, ingurunekoak eta afektiboak eskainiz.

 

Askatasuna eta limiteak behar ditu haurrak. Limite sozialak eta ondokoa zein bere burua ez mintzeko limiteak, bestea errespetatzen duen eta errespetatua izango den haurra nahi dugu. Aintzat hartzen den haurra eta bere iritzia errespetatua sentituko duena.

 

Irakasleak presentzia eta ziurtasuna emango die, baita haurrarekin lortutako harreman afektiboan oinarritzen den askatasuna eta limiteak ere. Haurra behatu eta entzungo dugu, ingurune aberatsak aukeratuko ditu eta haurraren prozesuak interpretatu eta baloratu.

Etengabeko hausnarketak burutuz eta haur bakoitzaren erritmoa errespetatuz, bakoitzaren garapen indibidualaren bidelagun izateko.

 

Jolas librea ikasteko modu nagusi bezala ulertzen dugu. Modu honetan haur bakoitza bere interes eta beharretatik abiatzen da benetako ikaskuntza esanguratsuak lortuz. Haurrak manipulatu, esperimentatu, ikertu, erronkak ezarri, aurrera egin edo ez egin eta bakoitza den 

pertsona  izateko aukera  izango du hainbat esperientzia bizi bitartean. Jolas libreak haur bakoitzari bere gaitasun pertsonalak garatzeko aukera ematen dio baita une bakoitzean dituen mugen kontzientzia hartzeko aukera ere.

Sare sozialak
bottom of page